2016/01/09

MENDEBALDEKO KANTAURI ITSASOAN ZEHAR: HERRIXKA XARMANGARRIENAK





Auten Gabonetatik ihesi ibili gara, etxean kopa bat gutxiago jarri behar genuen mahaian eta ez da erraza izan. Horregatik, urteko azken egunetan, urteaz aldatu aurretik, egun batzuk hartu ditugu urteko azken bidaia egiteko.Kantauri itsasoak mendebaldean biltzen dituen herrixkarik ederrenak bisitatzera abiatu gara. Ezagutu nahi al dituzu?
IBILBIDEAREN MAPA







ABENDUAK 26



MEDULAK, FANTASIAZKO PAISAIA.
 


Badakigu honek ez duela kostarekin zerikusirik, baina prestatutako ibilbidean Bierzon (Leon) kokatutako paisaia ikusgarria ezagutzeko geldiune azkar bat egitea pentsatu genuen.



Bistarik ederrenak, aho bete hortz utziko gintuen horiek lortzeko,Carucedo eta Orellan herrien arteko errepideari jarraitu behar izan genion. Orellanen begiratokitik 500 bat metrotara dagoen aparkaleku batean aparkatu eta berehala gozatu ahal izan genuen ikusmira paregabe horretaz. Medulen paisaia benetan paregabe eta bakana da, izan ere, Erromatar Inperioak izandako urre mehategirik handiena da. Gainera, 1997.urtetik Gizateriaren Ondare izendapena du eta 2002. urtetik aurrera, Monumentu Naturala da. Orellan begiratokitik ere, Carucedo Lakua ikus daiteke, non Erromatarren garaian, mehategia ustiatzen zenean, lurrak garbitzen ziren urrea aurkitzeko.Begiratokira iritsi baino lehen, ezkerretara, galeriak bisitatzeko kartel bat dago, baina guk ezin izan genituen ikusi argindar faltagatik.
Las Medulas parkean oinez ibiltzeko eta senderismo egiteko bide-sare oparoa dago. Hala ere, gu paisaiaz gozatzearekin konformatu ginen. 
  




Argazki ederrak atera nahi badituzue, egunsentian edo iluntzean joatea gomendatzen dizuegu, orduan, eguzkiak argitzen duelako paisaia modu berezi batean eta parke horretako hondar eta harkaitzak are gorrixkago ikustarazten dituelako.





ABENDUAK 27


LUCUS AUGUSTA EZAGUTUZ

Ez ba. Ez dago kostan, baina, hori ere ezinbesteko geldiunea iruditu zitzaigun. Zergatik? Galdetuko diozue zeuen buruari... Bada, Lugo bisitatzeko zortzi arrazoi biribil aurkitu ditugulako. Ezagutu nahi badituzue  SAKATU HEMEN.



Casa do Concello, Lugo.



ABENDUAK 28

AS CATEDRAIS (RIBADEO)





Monumentu Natural horren ondoan dagoen aparkalekuan esnatu ginen, bertan gaua igaro ondoren.




Las Catedrales izen turistiko bat besterik ez da. Itsas labarren hakaitzek, elementu naturalek moldeaturik, sortzen dituzten koba-zulo, arku eta pasabide naturalek ematen diote izena bertakoek Aiguas Santas izenarekin ezagutzen duten hondartzari.Ikusmira eder horretaz gozatzeko bada, ordea, kontuan hartu beharrekoa; itsasaldiak. Itsabeheran baino ezin dugu hondartzan zehar paseatu, beraz, bertaratu baino lehen itsasaldi- taulari erreparatzea komeni da:
http://playa-catedrales.com/mareas/







Gainera, 2014. urtetik aurrera Galiziako Xuntak baimen berezi bat eskatu behar zela ezarri zuen, hondartza ekaina eta iraila bitarte bisitatzeko. Baimena dohakoa da, baina atera beharreko agiria da hondare naturala babesteko.Baimena lortzeko helbidea hurrengoa da:  As Catedrais bisitatzeko baimena.



Noski, abenduan joanez gero, ez duzue horrelakorik beharko. 














Bazkaltzeko zer hoberik baino Galiziako enpanada eder eta goxoa? Galiziara egindako beste bidaia batean ikasi genuen bertako okindegientan salgai daudela. Betekinaren arabera (antxoak, olagarro, oilasko, solomo...) prezioa alda daiteke eta ohikoena da pisatuta saltzea. Horregatik, Ribadeoko okindegi batean geldiune azkarra egin genuen enpanada erosteko eta gero kaialdera abiatu ginen bazkaltzeko.Plan ederra, ezta?


Ribadeoko kaia.

TAPIA DE CASARIEGO
Tapia de Casariegoko kaia.


Arrastsaldeko azken argiekin batera iritsi ginen Tapia de Casariego Autokarabana gunera. Itsas paseoari jarraitu genion herriko txokorik ederrenak deskubritzeko. Ibilbidean zehar,  itsasoko haize fina eta kresala arnastu genituen eta etxean bezala sentitu ginen.Aurrena, La reburdia eta Aguilero hondartzak pasa genituen; ondoren, itsasargiaren ikusmira ederraz gozatu genuen; eta azkenik, kai distiratsura iritsi ginen.






Harrituta utzi gintuen herrixka horretan eraikitako igerileku naturala.Harkaitzen arteko hutsuneak estaliz eta itsasoko ura aprobetxatuz sekulako piszina egin dute. 


ABENDUAK 29


PUERTO DE VEGA

Asturiaseko marinel herrixka horrek xarma berezia dauka eta hori ez da sentsazio hutsa,duela hamarkada batzuk, "Pueblo ejemplar de Asturias" izendapena jaso zuen eta.
 

Hain txikia izateko interesgune ugari ditu, bai historia, kultura zein artearen ikuspuntuen aldetik.
Gure semea aspertuta zegoen, beraz, parkera! antzina, lan eguna amaitu ondoren,Benigno Blancoren lurretan sareak zabaltzen ziren, Blanco familiak lurrak udalari donazioan eman zizkion arte. Gaur egun, Benigno Blanco parkea dago lur eremu horretan eta herriko umeek jolasteko gune atsegin eta zabala dute bertan. 



Kale artean ibili ginen ondoren, kale estu eta aldapatsuen artean kuxkuxeatu genuen herri bihotzeraino iritsi arte, Cupido Plaza.
 

Erdi Aroko plazatxo horretan antzinako itsas herrixka ezarri zen. Gaur egun Zutabeen Etxeak eta Cachán Etxeak(XVIII. mendea)atentzioa ematen digute bereziki.




Herri honek, ordea, itsasoa ogibidea du, horregatik, kaialdera abiatu ginen berriro, gosetuta.Bazen garaia lurralde hartako kutixiren bat dastatzeko. La Marina jatxean sartu ginen atseden hartzeko, baina baita inoiz dastaturiko itsaski-saldarik onena hartzeko ere. txipiroi (pota) frijiturik eta Albariño ardoak lagundu zuten mahaia alaitzen.Bertan eskaintzen zuten ere etxean egindako muskuiluak eskabetxean, ez genituen frogatu, baina itxura ederra zuten.



Kaiak biltzen ditu, zalantzarik gabe, marinel herrixka horren mamia eta xarma.
 
Bertako ekonomia arrantza eta kontserbetako industriari loturik dago, eskabetxe eta gazitze produktuei, hain zuzen. 
Herriko flota kaia barrenean zengoen, kulunka ari ziren itsasontziak, amets eder batean bezala, lasai, antzinean, pirata eta frantsesen sarraskiei aurre egiten lagundu zuen harresiaren magalean.


Ez ginen gehiegi urrundu Riba Begiratokira igotzeko. Kaiatik abiatuta eskailera batzuk igota iritsi ginen hiru mailatan banatuta dagoen begiratoki bitxi horretara. Lehenengo mailan, bale masailezur pare bat dago ikusgai. Lau metro inguruko hezurrak dira eta 30 Tonako bale batenak omen dira. Bigarrengo mailan, bale-ehizaren inguruko horma-irudia ikus daiteke. Hirugarren mailan, bale-arpoi moderno bat dago. Sven Foy marinel norvegiarrak asmatu zuen, 1854. urtean.

 

Ibilbideari amaiera emateko Baluarteko bidea egin genuen, kanoi txiki pare batez horniturik dagoen begiratokiraino iritsiz.
 


CUDILLERO
  


Arratsaldearen azken printzak geratu zitzaizkigun marinel herrixka koloretsu eta eder hori bisitatzeko. Kolore nabarrez margoturiko etxeak itsasoari begira eraiki dira, anfiteatro baten antzera. Baina xarma handiko herria izanik eskenatoki hutsa dela iruditu zitzaigun, turistentzako jarritako margoturiko postala. Bai, eta arrantzatik bizitzea baino, badirudi turistak arrantzatzeaz bizi den herria dela. Don Vito Corleone tabernaren terrazan eseri bestela,  eta patrika ederki hustuko zaizue.Zer esango dugu ba, urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau.










ABENDUAK 30

TAZONES



Tazones herrian gosaldu genuen, bidaian bisitatu genuen herririk txikiena. Txoko baketsu eta xarmangarria iruditu zitzaigun, modako aktore edo abeslariak bere fans astunengandik ihes egiteko aukeratuko lukeen horietakoa.


Kaia, hondartza eta San Roque auzoa dira metro gutxitan topa ditzakegun interesguneak. Balearen etxea eta Maskorren etxea nabarmentzen dira.





LLASTRES

Llastres herriaren ikusmira San Roque begiratokitik.

Herri hau ezaguna egingo zaizue, duela urte batzuk Doctor Mateo telesaila bertako kaleetan rodatu zelako. Paisaia ederraz gozatzeko eta herriaren estapa ezagunena lortzeko San Roque Begiratokiraino joan beharko duzue.
 
Ermita San Roque
 
Bertan, izen bereko baseliza, jatetxea eta egurrezko mahiez hornituriko atseden gunea dago. 



San Roque Atseden gunea.

Telesaila buruan genuen oraindik eta kaleetan barrena abiatu ginen eskenatokiak gogora ekartzeko. Sentsazio arraroa izan genuen telebistan hainbestetan ikusitako lekuetan ibiliz.  




Bidaia amaitzeko, Playa de la Griegara abiatu ginen, Llastresetik km batzuetara.



Hondartza bitxi hori Liberdon ibaiaren ahoan aurkitzen da eta munduko dinosauru iknitarik handienetakoa ikus daiteke bertan. Aztarna ikusi ahal izateko, pinu eta eukaliptoz osatutako 600 bat metroko ibilbidea egin behar da. Dinosaururik ehizatzerik izan ez bagenuen ere, txantxangorri eder bat ehizatu genuen, gure kameraz, noski!



Dinosauruen iknitak.



BIDAIA PRESTATZEKO INFORMAZIOA

Lugoko autokarabana gunea

Aparkalekua Ribadeon

Tapia de Casariegoko autokarabana gunea.

Puerto de Vegako aparkalekua 


Aparkalekua Tazones herrian:

Koordenadak: N43º 32' 40.04"
                     O 5º  24' 13.24"

San Roque begiratokiko atseden gune eta aparkalekua -LLastres herrian:

Koordenadak: N 43º 31' 0.5"
                      O  5º 16' 12.9"



iruzkinik ez: