Hasieran, Oñatira
joateko asmoa genuen; bertako etxedorreak, Arantzazu santutegia eta Arrikutz kobazuloak
ikusteko. Atera aurretik, ordea, kobazuloak martxorarte itxita zeudela jakin
genuen, eta gehiegi pentsatu gabe, furgoneta martxan jarri eta Burgos aldera
abiatu ginen. Axola duena etxetik irtetea baita.
URTARRILAK
11, LARUNBATA
“Museo de la
evolución humana” delakotik gertu dagoen aparkaleku batean utzi genuen
furgoneta.
koordenadak: N 42º 20’ 26” W 3º 41’ 38”
Arlanza ibaiari
jarraitzen dion paseoa ibili genuen, Santa Maria Zubiraino iritsi arte. Ordurako,
laino lodi eta heze batek Burgoseko kaskoa estaltzen zuen.
|
Arlanza ibaia eta san Pablo zubia. |
|
Burgoseko katedrala laino artean. |
|
Santa Maria zubia. |
|
Santa Maria arkua. |
Aita-semea Valor txokolategian utzi nituen
txokolate eta txurro epelak hartzen, nik Turismo bulegoan informazioa eta
planoak eskuratzen nituen bitartean. Egia esan, berandutu zitzaigun,eta gaitera
kaleko 4ºC
eskasek eta inguruak lainopean egoteak ez zuten gehiegi laguntzen. Azkenean, Burgos
hiriburua beste baterako uztea erabaki genuen, Arlanza alderdia bisitatzeko.
|
Inoiz ikusitako txurrorik handienak. |
Itzultzean, Burgoseko
Udal Liburutegia topatu genuen bidean, bertako erakusketa-gelan “Los gigantes,
gigantones y los tetines” Herriko festetako pertsonaiak ikusgai zeuden.
|
Iturri magikoa, semearen arabera. |
Gau hartan bertan, Burgos hiriburua atzean utzi
eta Arlanza alderdia bisitatzeko mugitu ginen.
|
BURGOSEKO MAPA OROKORRA. |
URTARRILAK 12, IGANDEA
LA YECLA HAIZPITARTEA
Santo Domingo de Silos
herriko aparkalekuan gaua eman ondoren, goiz-goizetik, La Yecla zintzurra
zeharkatzera joan ginen.
La Yecla zintzurra
Santo Domingo de Silos
herritik 3km eskasetara dago, eta goizeko 10:00etarako han ginen.
Furgoneta errepide
bazterrean dagoen txoko batean aparkaturik utzi genuen, tunelaren aurrean, hain
juxtu. Bertan daude zintzurraren ahoraino daramatzaten eskailerak.
|
Harkaitzetan idatzita dago. |
|
berehala estutzen hasi zen bidea. |
|
Zintzurra bidea irensteraino estutzen zen. |
|
harrizko ormetatik behera izotz plakak. |
|
Naturaren edertasunaz liluratuta. |
Kilometro eta erdi luze da
zintzurra, baina geldiuneak, umea eta estualdiak kontuan hartuta 20 minutu
inguru eman genituen mutur batetik bestera iristeko.
|
Eskailera horiek zintzurraren bukaera markatzen zuten. |
|
Tunelaren beste aldean genuen furgoneta. |
|
Zintzurraren ikusmira errepidetik. |
SANTO DOMINGO DE SILOS
Denbora izan genuen Santo
Domingo de Silos herrian zehar paseo bat emateko. Harrizko etxe xarmangarriek
familia nobleen sekretuak ongi gordetzen zituztela iruditu zitzaigun.
Paseoan zehar, harriz eta
egurrezko habez egindako antzinako etxe ugari topatu genituen, gehienak abandonaturik.
|
Antzinako etxeak. |
Batzuk, ate gaineko harrian,
familia edo eraikitze-urteari buruzko idazkia zuten zizelkaturik.Argazkian ikusten den bezala lasto-biltegi gisa erabiltzen dituzte.
Beste batzuk berriz, barruko
bizitza gordetzen zuten oraindik; gortina zuri eta zainduak leihoetatik so, eta
azpiko aldeetan autoak aparkaturik
zutabeen arteko espazioan.
Herriko plazan eraikin
dotoreak topatu genituen: hotelak, jatetxeak, etxe-nobleak...
|
Plaza nagusiko ikuspegia. |
Ondoren Burgoseko gutiziak
erosteko denda bat topatu genuen, bitxia benetan, txoko batean Burgoseko
produktu tipikoak zituelako, baina gainontzekoa antigoaleko gauzen denda
zelako, "El Rincón de Silos"
|
El Rincón de Silos denda |
|
Antigualeko gauzen dendako sarrera. |
Burgoseko odolki pare bat
erosi eta gero, herriko arkua eta harresia ikustera abiatu ginen.
|
Antzinako latsarria, bertan herriko jendeak arropa garbitzen zuen.
|
|
Arku eta harresia. |
SANTO DOMINGO DE SILOS MONASTEGIA
Eguerdiko hamabietan hasten
ziren bisita gidatuak, horregatik, jubilatu-andana topatu genuen sarreran;
taldeka, autobusez zetozen auskalo nondik.
|
Patioaren erdian dagoen altzifrek 134 urte ditu eta poeta askoren inspirazioa izandako da,
haien artean, Antonio Machado bera. |
900
urteko monasterio honen jatorrizko izena San Sebastián de Silos zen. Gaur egungo
monasterioak arkitektura erromanikoaren altxorra gordetzen du, haren klaustroa;
bakarra da bere estiloan, hau da, oin karratukoa, erromanikoa eta bi solairukoa. Bi solairu
horiek XI. eta XIII. mendeetan zehar eraiki ziren. Beheko solairua eraiki eta
gero, goiko solairua eraikitzeari ekin zioten, baina estilo bera konjunto osoan
mantenduz.
Beheko klaustroa, bisita
gidatuaren bidez ezagutu daitekeena da eta harrigarria da benetan. Bertan ikus
daitezkeen arkitektura elementu ederrenetarikoak dira: Kalaustroaren lau ertzetan
zizelkatutako behe-erliebeak, denak Kristoren bidea irudikatuz; klaustroa osatzen duten kolomadi edo
zutabe-zerrenda, edertasun handiko kapitelak dauzkate; eta azkenik, XVI. mendeko
sabaietako kasetoidura edo artesonadoa. Kolore biziaz margoturik, non gorria
gailentzen den,eta irudi erlijiosoak, mitologikoak edota Erdi-Aroko Gaztelako bizitzaren irudiak agertzen dira bertan.
|
Igokundea eta Pentekoste irudikatzen duten behe-erliebeak. |
|
Hegaztiak irudikatzen dituzten kapitelak. |
|
Bizitzako ekintzak narratzen dituzten kapitelak. |
|
Kasetoidura edo artesonadoa mudejar estilokoa. |
|
Ehiza-irudiak |
|
Santo Domingo fundatzailearen hilobia. |
Bisita bukatzeko, gidak monasterioko botika, XVIII.mendekoa, erakutsi zigun; bertan mota guztietako tresna eta ontzi ikus daitezke, botikak prestatu ahal izateko; izan ere, fraideek monasterioraino hurbiltzen ziren gaixo guztiei artatzeko beharra zeukaten. Ontzi gehienak, garaiko keramika onen a erabiliz eginda zeuden, Toledoko Talavera de la Reinako keramikaz, hain zuzen.
|
Lehen planoan enbor-zutabea, hiru zutabez osatutakoa. |
COVARRUBIAS
Covarrubias herrian arratsaldearen zati handiena pasa genuen, etxera
itzuli baino lehen.Herri hori ezaguna da gehienbat Rodrigo Díaz de Vivar, El Cid,
erbesteratua izan zenean handik pasa zelako.
|
Doña Sancha etxea. |
Fernán Gonzalez dorrea X. mendekoa eta mozarabea da. Harresiarekin batera,
herriaren babes-elementurik garrantzitsuena zen.
|
Fernán Gonzalez dorrea eta gurutzadura edo kruzeroa. |
|
Doña Urraca plaza. |
|
Udaletxeko erlojua. |
|
Santo Tomas eliza. |
|
Zikoinaren kabia |
|
Chindasvinto plazan atsedena hartzen. |
Kanpoko aldetik, Arlanza ibaiarekiko paralelo paseo eder bat dago, eta
hari segika Covarrubiaseko beste leku eder bat deskubritu genuen.
|
Covarrubiaseko zubia |
Paseoaren bukaeran, Covarrubiaseko
zubia zain zegoen, gure zain, "kaixo" esan zigun bezala
"agur" esateko.
Informazioa bidaia prestatzeko:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina