Asteburu honetan, enkargu bat egin behar genuela aprobetxatuz, Bilbon turismoa egiteko aukera izan dugu. Lotsatuta ginen orain arte hara joan izan garen guztietan inoiz ez garelako turista modura ibili, baina asteburu honetan benetan gozatu dugu hiriaz. Gure lurraren beste puska bat ezagutzeaz poztu gara.
IRAILAK 26, OSTIRALA
Afalordurako Kobetamendiko AC gunera iritsi ginen. 15€ / 24h balio zuen. Langaz itxita zegoen eta pertsona batek zaintzen zuen etengabe. Argindarra eta ura bazegoen prezioaren barne.
koordenadak: 43.259672, -2.964046
Gune horren informazioa duen orrialdea:
http://www.furgovw.org/index.php?topic=170062.0
IRAILAK 27, LARUNBATA
Autokarabana gunetik Bilbo nagiak ateratzen ikusi genuen.
Gosaldu eta gero, haizeak lainoa garbitu zuenean, Bilbora jaisteko 58. autobusa hartu genuen. Hirigunean geratzen da autobusa, alde zaharraren ondoan.
Autobusetik jaitsi eta Erriberako Merkatua ikustera abiatu ginen. San Anton zubiaren ondoan eta alde zaharreko erriberaren erdi-erdian dago Bizkaiko hiriburuko merkataritza gune garrantzitsu hau. XIV. mendean, Pedro Ispizua arkitektoak eraiki zuenetik, hainbat alditan eraberritu behar izan dute; azkena 2010ean, 1.700 metro karratuko espazioa irabazteko.
Merkatua hiru solairutan dago banatuta, eta mota guztietako janariak daude eskura. Beheko solairuan, arrandegiak daude; lehenengoan, harategiak; eta azkenik, bigarren solairuan, frutak zein barazkiak.
Erriberako Merkatua eta San Anton eliza |
Erriberako Merkatua Nerbioi ibaiari begira |
Merkatua goiz hartan pil-pilean zegoen. Jende ugari erosketak egiten ari zen. Hantxe ibili ginen harategiz harategi, erakusleihoei begira.
Goiko solairuan honelako kristal dotorez apaindutako espazioa dago. Jende asko geratzen zen argazkiak ateratzeko.
Baserritarrek ere badute Erribera merkatuan euren txokoa |
Ondoren Zazpi kaleen giroa ikustera joan ginen. Primerakoa!
Zazpi kaleetan hiria jaio zen duela 700 urte luze, eta horiek osatzen dute gaur egungo Bilboko alde zaharra.
Zazpi kaleak bor-borrean |
Plaza Berriraino iritsi ginenean pintxo batzuk hartzeko eseri ginen; lehenbizi, "Victor Montes" , eta ondoren, "Gure txoki" tabernan. Plaza horretan dagoen eraikinik dotoreena Euskaltzaindiaren egoitza da.
Plaza Berria |
Argazki horretan ikusten diren bi elementuak, pintxoak eta txakolinak, euskal gastronomia eta kulturaren osagai garrantzitsuak dira:
Pintxoak bazkaldu edo afaldu aurretik jan ohi diren zizka-mizkak dira; mokadu txikiak. Gaur egun, ordea, izugarri garatu eta sofistikatu direnez goi sukaldeko plater txiki bihurtu dira.
Txakolina Euskal Herriko ardo txuria da. Jatorrizko izendapena jaso zuen 1990. urtean eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba herrialdeetan ekoizten da.
Pintxoak eta txakolinak Ondoren alde zaharretik paseatuz jarraitu genuen eta Donostian dauden beste hainbat denda ere ikusi genuen; adibidez, "Boinas Elosegui". |
Pintxo-poteoarekin bukatzeko "Berton" tabernara sartu ginen. Benetan asmatu genuen, taberna horretako kroketak eta txanpi pintxoak primerakoak ziren eta.
Katedrala eta horren plaza ikusi genuen pasadan, baina garbiketan ari zen makinak ez zigun lekuaren argazkia gustura ateratzen utzi.
Katedralaren plaza |
Udal liburutegia, eraikin dotorea. |
Bilboko udaletxea, Joaquin Rucoba arkitektoak diseinatu zuen 1892.urtean. Estilo neoklasiko nabarmena dauka. eraikin horretan, erlojupeko arku eta zutabeak elementu nabarmenenak dira.
Bilboko Udaletxea |
Arriaga Antzokiaren inguruan ibili ginen. Gure ustez, Bilbok duen eraikinik ederrena da.
Pariseko Opera eredutzat hartuta, Joaquin Rucoba arkitektoak eraiki zuen 1890ean. 1902an, berriz, Arriaga izena eman zioten euskal konpositorearen omenez: Crisostomo Arriaga.Gaur egun, Bilboko musika zein antzerki programazioak kudeatzen ditu etengabe.
Arriaga Antzokia |
Nekatuta ginenez, Cafe Iruña tabernan geldiunea egin genuen. . . Hemen ere zeukaten pintxo-barra ez zegoen bat ere gaizki; guk, ordea, kafea hartu genuen. Barruko dekorazioa benetan bitxia da.
Café Iruña |
Albia lorategian zehar ere paseatu ginen. |
Aurrera jarraitu genuen Zubizuri zubiraino iritsi arte. Calatraba arkitektoak egina da eta oso polemikoa izan zen garai batean.
Bilboko tranbia |
Gau horretan, Eibarrek Bilboko Atletiken aurka jokatu behar zuen eta giro ederra zegoen hirian zehar.
Eibar zaleak ibaian gora, ibaian behera. Guggenheim aldera iritsi ginen ibai ertzean dagoen bideari jarraituz. Hantxe zeuden armiarma erraldoia eta titanioz eginiko eraikin harrigarria. |
Ez al duzue zuek armiarma bat ikusten?
Guggenheim eta armiarma erraldoia |
Armiarmaren hankari helduta. |
Anish Kapoor artistaren lana: "Bolak" |
Internetera jo behar izan dut honen arrazoia aurkitzeko: argazkian agertzen den kupula Artklass eraikinarena da eta bertan irakur daitekeen leloa Aurrekoetxea arkitektoaren familian aukeratutakoa da: Ezina ekinez egina: ezinezkoa iruditzen zaigun hori, eginez, gogoz eta grinaz, lor dezakegu.
Artklass eraikina : Ezina ekinez egina |
Eraikin horren atzeko aldean hain zuzen Casilda parkea dago: Bilboko arnas gunea.
Casilda Iturritzak eman zizkion lurrak Udalari. Horrela, emakume eskuzabal horren omenez bertan egindako parkeari Casilda izena jarri zioten.
Casilda Parkea |
Tranbiaren bila gindozela Euskalduna Jauregia ikusi genuen. Kongresu eta Musikaren Euskalduna Jauregia, 1999ko otsailaren 19an inauguratu zen eta oso eraikin berezia dela esan daiteke; XXI. mendeko Bilbao berriko bereizgarrietako bat da.
Federico Sorianok eta Dolores Palaciosek sortu zuten eta eraikitze-lanetan dagoen ontzi baten antza eman nahi izan zioten. Ontzia, Euskalduna ontziola egon zen dike batetik azaleratzen da. Jauregiak 2001eko Enric Miralles Saria jaso zuen Espainiako Arkitekturaren VI. Biurtekoan.
Euskalduna Jauregia, eraikina auditorio gisa eta kongresu bilkuretako ere erabiltzen da. |
Partida zaleak trabiatik jaisten. |
Kobetamendira itzuli ginenerako ilunduta zegoen, eta San Mames Barriko argi guztiak piztuta zeuden. Lehia hasita zegoen: Atletik- Eibar
Honela ikusita, ez da harritzekoa Bilbo Matrix gisako film futuristetan agertzen diren hiri moderno eta aurreratua irudikatzeako aukeratu izana. Begira ezazue bestela nola ikusten den hiria Matrix egileen film berrian: "Jupiter Ascending"
IRAILAK 28, IGANDEA
Bilbo hiriburua utzi eta Portugalete aldera abiatu ginen, Bizkaia zubia ezagutzera.
Alberto de Palacios eta Ferdinand Arnodin zubi eder honen egileak izan ziren. 1893. urtean inauguratu zen; eta geroztik, 650 miloi pertsonak zubi hau erabiliz ibaia zeharkatu dute.
Munduko transbordadore den zubirik zaharrena da eta 1996. urtetik Gizateriaren Ondare izendapena dauka.
Furgoneta eta guzti sartu ginen transbordadorean, Getxora heltzeko. |
Bero egin arren, eguraldi lainotsuak ez zuen igande horretan jendea hondartzara joateko animatu eta horrela topatu genuen Ereaga, hutsik eta triste.
Ereaga hondartza |
Algortako kaian aparkatzea lortu genuen eta bertan bazkaldu genuen. Ondoren, kafe bat hartzeko eskaileretan gora abiatu ginen. Berehala, etxe txuri eta koloretako leihoek gure begiak alaitu zituzten.
Getxo barruan, berezko nortasuna markatua duen beste herri bat zirudien Algorta. Marinel kutsuaz eta apaltasunez agertu zitzaigun. Plaza-bizitza animatua duen lekuetan gertatu ohi den bezala hizketan ari den jendez josita zegoen.
Algorta utzi eta Punta Galea aldera abiatu ginen, bertan Aixe errota bitxia topatu genuen. Itsaslabarren gainean eraiki zuten XVIII. mendean.Garia ehotzeko erabilia izan zen. Bere lehenengo jabea merkatari irlandar bat izan zen. 1955. urtean, berriz, Getxoko udalak erosi zuen; eta gaur egun, jatetxe dotorea da.
Harritu egin gintuen itsaslabarrak zein bortizki egiten zuen behera kostako zati horretan. Badirudi, halako batean, urrats malapartatu batek amildegian behera eramango gaituela.
Algortako emakume bat leihoan. |
Xarma handiko plaza |
Algortako kalearteak |
Portu zaharreko etxeak |
Algorta utzi eta Punta Galea aldera abiatu ginen, bertan Aixe errota bitxia topatu genuen. Itsaslabarren gainean eraiki zuten XVIII. mendean.Garia ehotzeko erabilia izan zen. Bere lehenengo jabea merkatari irlandar bat izan zen. 1955. urtean, berriz, Getxoko udalak erosi zuen; eta gaur egun, jatetxe dotorea da.
Aixe Errota |
Harritu egin gintuen itsaslabarrak zein bortizki egiten zuen behera kostako zati horretan. Badirudi, halako batean, urrats malapartatu batek amildegian behera eramango gaituela.
Punta Galeako Gotorlekua |
Eta hemen bukatu zen gure asteburua. Pozik itzuli ginen etxera, izan ere, hain gertu ditugun herriak eta hiriak ezagutzea plazer bat da beti.
Bidaia prestatzeko informazioa:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina